2002ko irailean jarri genuen martxan Zernola Olinpiada. Zientziaren eta teknologiaren inguruko olinpiada da, DBHko 1. eta 2. mailetako gaztetxoei zuzendua. Internet bidez jolastuz parte hartzen da, eta helburua da, gaztetxoei zientziarekiko zaletasuna pizteaz gain, talde-lana eta sormena sustatzea, eta, medioa kontuan hartuta, teknologia berrietan trebetasuna hartzea.
Ikasturteak dirauen bitartean, hilero, proba bat jartzen da —zientziaren ingurukoa betiere—, natura- zientzietako, informatikako, teknologia berrietako edo matematikako irakasleek klasean erabiltzeko modukoa. Gelako ikasle guztiek proba elkarrekin aztertu, lana banatu, eta, ondoren, erantzun bakarra bidali behar dute. Lanak Elhuyarko lantalde batek aztertzen ditu, eta hileko sailkapena osatzen du; ikasturte-bukaerako sailkapen orokorrean, puntuak metatzen dira, eta, Olinpiadaren amaieran, puntu gehien jaso duen taldea izendatzen da irabazle. Hil bakoitzeko irabazleek sari bat jasotzen dute. Olinpiadaren amaieran, berriz, ikasgela osoarentzako egonaldiak irabazten dituzte.
Arduraduna: Danel Solabarrieta