 |
IRAKASLEARENTZAKO ORIENTABIDEAK
SARRERA
Unitate praktikoa: Soinua eta entzumena deituriko material honek
teknologia berriak, eta, zehazki, Interneteko sarea eskolan erabiltzeko
materialen artean txertatzen ditu.
Jada eskola guztietan daude ordenagailuak, baina hori ez da nahikoa teknologia
berriak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan txertatzeko. Irakasleek teknologia
berriak erabiltzeko baliabideak behar dituzte, eta gainera, euskaraz.
Eskaintzen dugun materialarekin honako hutsune hauek beteko ditugu:
- Irakasleek eskolako eguneroko lanaren material osagarria eskura izango dute.
- Material landua izango dute; hau da, edukiak, helburuak, ariketak, azalpenak... landuta daude.
- Unitate horiek euskaraz daude.
Helburu didaktikoak
- Soinua uhinen bidez sortzen eta hedatzen dela ulertu.
- Gizakiarengan entzumen-prozesua nola gertatzen den ezagutu, belarriak
entzumen-organo gisara duen garrantzia baloratuz.
- Fenomeno akustiko arruntenak ezagutu.
- Soinuen ezaugarriak kontuan hartuz, soinuak bereiztu.
- Kutsadura akustikoa zer den eta zergatik sortzen den aztertu eta
murrizteko neurriak hartzearen garrantziaz jabetu.
- Kutsadura akustikoak gizakien gaixotasun batzuekin duen erlazioaz
jabetu.
- Entzumen-urritasuna duten pertsonen arazoak identifikatu eta haiei errespetuzko
jarrera agertu.
- Soinuak, zeharkatzen duten materiaren arabera, abiadura desberdinez higitzen
direla egiaztatu.
- Soinu harmonikoak eta ez-harmonikoak identifikatu.
METODOLOGIA
Gaur egun, eskola guztietan daude ordenagailuak, eta horien erabilera ez da oso
argi ikusten askotan: irakasleak informazioa lortzeko, komunikatzeko tresna
gisa, ikasleekin bilaketak egiteko...
Ordenagailuaren aukera zabala ikusita, irakaslea nahikoa galduta sentitzen da,
probetxua nola atera ez dakiela. Unitate didaktiko honen bitartez, irakasleari
teknologia berriak erabiltzeko aukera zehatz bat aurkezten diogu, beste aukera
batzuekin bateragarria.
Unitate didaktiko hau lantzeko, ikasle bakoitzak ordenagailuan azalduko zaizkion
ariketak landu beharko ditu, eta bukatzean, lortu dituen emaitzak eta idatzi
dituen erantzunak jasoko ditu. Ordubeteko lana da gutxi gorabehera, eta ikasleek
bakarka edo binaka lantzeko pentsatuta dago.
Irakaslearen lana ez da ordenagailuen gelan egotera mugatuko, irakasleak lagunduko
baitie ikasleei aurrera egiten eta beharrezkoa denean azalpenak emango baitizkie.
Ebaluatzeko, ariketa-mota bakoitzaren emaitzak izan beharko ditu kontuan:
- Ariketa batzuetan, erantzuna aukeratu egin behar du, eta
horietan, emaitzak automatikoki jasoko dira, zuzenduta.
- Ikasle bakoitzak gelan izan duen jarrera (interesa, beste ikaskideekin
izandako harremanak eta abar) ere ebaluaziorako irizpide izan daiteke.
Nola funtzionatzen du?
Ezkerreko zutabean lotura hauek agertuko dira:
Hasiera: Hor klik eginda Unitate praktikoaren aurkezpen-pantailara joango gara.
Unitate praktikoaren izena eta sarrerako informazioa egongo dira.
Unitate praktikoa: Ikasleak hor egin beharko du klik ariketekin lanean hasteko.
Bukatzean (edo bukatu gabe), ariketak inprimatzeko aukera izango du.
Estekak: Gaiari lotutako estekak egongo dira hor, bai euskaraz, bai beste hizkuntza
batzuetan ere.
Beste unitate batzuk: Hor klik eginda, unitate didaktiko guztien zerrendaren
web-orria agertuko da.
Unitate praktikoa lantzea oso erraza da. Zoaz “Unitate praktikoa” loturara
eta hasi ariketak egiten. Bat bukatzean bestea agertuko da, unitate praktikoa
bukatu arte. Bukatzean, emaitzak inprimatu ahal izango dituzu.
Ez da beharrezkoa ariketa guztiak egitea; goiko aldean ariketen zenbakiak
agertzen dira, eta, aurreko irudian azaltzen den bezala, hor klik eginda
nahi dugun ariketara joan gaitezke zuzenean. Horrela,egin behar diren ariketak
hautatzeko aukera ematen diogu irakasleari.
Inprimatzeko ere berdintsua da; ez da beharrezkoa ariketa guztiak bukatzea emaitzak
inprimatzeko. Goiko aldean dagoen botoian klik eginda, edozein unetan inprimatu
ahal izango dira emaitzak. Horrekin, ariketa guztiak bukatzeko astirik izan ez
duten ikasleei ordura arte egindako lanak inprimatzeko aukera eskainiko diegu.
Horrela, korrika eta presaka bukatu beharrean, bakoitzak bere erritmoan lan egin
ahal izango du, gehiegi larritu gabe.
|
|