IRAKASLEARENTZAKO ORIENTABIDEAK


HELBURU DIDAKTIKOAK

Fotosintesi-prozesuaren ikuspegi orokorra izan.

Materia eta energia nola eraldatzen diren zehaztu.

Argi-energia nola hartzen den eta zein pigmentuk jasotzen duten azaldu.

Fase argiaren hiru atalak eta elektroien fluxu ziklikoa eta aziklikoa ezagutu, eta sortzen diren ATParen eta ahalmen erreduzitzailearen garrantzia baloratu hurrengo faserako.

Fase ilunaren hiru atalak azaltzeaz gain, molekula organikoetan CO2–a finkatzeak zer garrantzi biologiko eta ekologiko duen kontuan hartu.

Fotosintesiaren garrantziaz hausnarketa egin ikuspuntu desberdinetatik, eta eztabaidatu, arrazoiak emanez.

EDUKIAK

KONZEPTUAK

PROZEDURAK

JARRERAK

 

  1. Fotosintesiaren ikuspegi orokorra
    • materiaren ikuspuntutik
    • energiaren ikuspuntutik
  2. Pigmentuak eta fotosistemak
  3. Fase argia

    - Fotofosforilazioa
    - Ahalmen erreduzitzailearen sintesia
    - Uraren fotolisia
    - Elektroien fluxua

  4. Fase iluna

- CO2–a finkatzea
- Calvin-Benson zikloa
- Materia organikoaren sintesia –glukosa–

 

  1. Eskema sinpleak eta eraldaketak adierazteko geziak egin, materiaren eta energiaren aldaketak erakusteko.
  2. Klorofilaren eta beste pigmentuen molekulen ereduak eraiki. Eredu horiek eta hemoglobina molekularena alderatu eta ondorioak atera.
  3. Fase argiaren grafikoak interpretatu.
  4. Fase ilunaren grafikoak interpretatu.
  5. Fotosintesiaren garrantziaren faktoreak identifikatu.

 

  • Fotosintesiaren balantze orokorra egin eta eraldaketak kontuan hartu.
  • Pigmentuak eta fotosistemak gogoan izan.
  • Fase argiaren atalak kontuan hartu.
  • Fase ilunaren atalak eta materia organikoaren sintesia kontuan hartu.
  • Fotosintesiaren garrantziaren faktoreen aldeko argudioak eman.

METODOLOGIA ETA DENBORAREN ERABILPENA

Unitate didaktiko honek metodologia aktiboa izan behar du abiapuntu. Ikasleak motibatzeko eta, batez ere, ikasleak gai honetan murgiltzeko, elkarrizketa, eztabaida eta ikasleen ideiak eta hipotesiak erabili behar ditugu.

Lehenengo praktika DBHko mailetan ikusitako kontzeptuak gogorarazteko eta materia honen ikasketetan aurrera jarraitzeko izango da. Jarduera ludiko planifikatuak fotosintesiaren 2 faseak azaltzeko balio beharko luke. Argazki-kamera baten flashak eguzki-argia simulatu eta horren ostean uraren fotolisia antzeztuko genuke. Horretarako, ur-molekularen ordezko liratekeen 5 elementu ditugu, puxika bat , bi estutxe eta bi boligrafo. Oxigenoa puxika bat litzateke eta ur-molekula apurtzean gora doa... beraz, oxigenoa atmosferara doa eta puxikarekin batera zeuden bi estutxe txiki (bi protoiak) nora doaz ba? NADP+ erreduzitzera doaz.

Boligrafo biak, hots, bi elektroiak, nora doaz ? Molekulaz molekula, hau da ikaslez ikasle, elektroien garraio-katea simulatuz - NADP+ molekularaino... Azkenean fase argian NADPH+ + H+ dugu, ahalmen erreduzitzailea, alegia.

Eskuan izan eta zuzenean ikus eta bizi dezatela. Prozesu osoa egin dezatela, eta ikasle guztiek gainera. Bestela, oso abstraktua da prozesu metaboliko osoa.