FASE  ARGIA

Fotosintesiaren fase argiko gertaerak honako puntuotan laburbil daitezke: 

  Fotofosforilazioa edo ATParen sintesia: ziklikoa edo aziklikoa izan daiteke.  

  Ahalmen murriztailearen sintesia:  NADPHa     

  Uraren fotolisia:  ur molekularen apurketa da.

Kloroplastoetako tilakoideetan dauden pigmentuak FOTOSISTEMATAN antolaturik daude; 200 pigmentu molekula baino gehiago biltzen dituzten multzo funtzionalak dira. Fotosistema horietan dauden pigmentuek argia hartzen dute; antena moduan dihardutela esaten da, eta gero, "itu-klorofila" molekularaino eramaten dira. Molekula hori oxidatu egiten da elektroi bat askatzen duenean; ondoren, elektroia garraiolari-segida batetik iragaten da, eta ibilbide horretan energia askatzen da.


                      

Bi fotosistema daude:

Argia FSIIn jasotzen du P680 klorofila molekulak; maila energetiko altuago batera igotzen den elektroi bat askatzean oxidatu egiten da. Aipaturiko elektroia plastokinonak (PQ) jasotzen du, eta molekula horretatik elektroi-garraioaren katean zehar iragaten da; b zitokromo  eta  f zitokromo molekuletatik pasatzen da, eta azkenik, plastozianinaraino (PC) iristen da, eta horrek FSIko klorofila-molekuletara helarazten du.

Kate horretan, urratsez urrats, oxidazioak eta erredukzioak gertatzen dira, eta elektroiak sobran duen energia askatu egiten du; energia hori erabiltzen da hidrogeno protoiak estromatik tilakoideren barnealderaino ponpatzeko, eta protoien gradiente elektrokimikoa sortzen da. Protoi horiek estromara itzultzen dira  ATPasa multzo entzimatikoan zehar, eta, ondorioz, ATP molekulak sortzen dira. Laburbilduz, argi-energia (eguzki-energia)  energia kimiko (ATP) bihurtzen da.

Ur molekulatik datozen elektroiak hartzean erreduzitzen da II fotosistema; argiaren eraginez, ura deskonposatu egiten da eta hidrogenoa eta oxigenoa ematen ditu. Prozesu horri  H2O-aren FOTOLISI deritzogu. Hala, elektroien fluxu jarraitua manten daiteke: uretatik hasita, II fotosistemara pasatu, eta horretatik I fotosistemara.

I fotosisteman ere, argiak eragin bera sortzen du P700 klorofilan. Elektroi batek energia-maila altuagoa lortzen du; gero, molekulatik irten eta beste elektroi-hartzaile batek, ferredoxinak, jasotzen du; garraio-kate batetik iragan ostean,  NADP+-eraino heltzen da; eta, bi elektroi eta protoi bat  jasotzean, erreduzitu egiten da NADPHra.

Bi fotosistemek elkarrekin egin dezakete lan. Prozesu hori Z eskema edo Hill-en Z izenaz ezagutzen da, eta helburua fotofosforilazioa (ATPa lortzea) izaten da; edo bigarren aukera gisa, I fotosistemak bakarrik egitea. Laburbilduz, bi fotosistemek parte hartzen dutenean, fotofosforilazio aziklikoa gertatzen da; I fotosistemak soilik esku hartzen duenean, berriz,  fotofosforilazio ziklikoa

Fotofosforilazio aziklikoan, ATPa lortzen da eta NADP+ NADPHra erreduzitzen da. Fotofosforilazio ziklikoan, ATPa baino ez da lortzen, eta ez da oxigenorik askatzen.                                                            

                     

Argia fotosistemetaraino heltzen den bitartean, elektroien fluxua mantendu egiten da: uretik II fotosistemara, hortik I fotosistemara eta handik NADP+-era.  Korronte elektriko txiki horrek biziaren zikloa mantentzen du.