
Kao: Sumendiko sekretua
Kao: Sumendiko sekretua ordenagailurako bideojokoa da eta 10 urtetik aurrerako gaztetxoentzako dago pentsatuta. Tate multimedia-enpresa poloniarrak egin du jatorrizko jokoa, eta euskarazko bertsioa Elhuyar Fundazioak kaleratu du. Jokoaren protagonista Kao izeneko kanguru bat da. Hamar eremutan lagundu behar dio jokalariak Kaori bere eginkizuna gauzatzen. Bidaia luze baten ostean, uhartean duen etxera itzuli da Kao, atseden hartzera, baina ezin: bere lagun Tximista sumendi baten barrura erori da eta hor bizi diren labazko munstroak esnatu ditu. Munstro horiek uhartea suntsitzea erabaki dute, eta hango biztanleak oso izututa daude. Kaoren eginkizuna da munstroak garaitzea, uharteko xamanak emango dizkion argibideei jarraituz. Jokalariak ez du aspertzeko aukerarik izango, errealitate birtualeko lasterketak, puzzleak osatu, motordun txalupetan ibili, airean borrokatu... egin beharko baitu hamar eremu horietan. Ikus-entzunezko efektu izugarriak ditu jokoak, 3Dko teknologiari esker: palmeren mugimendua nabaritzen da, Kaoren hanka-arrastoak ikusten dira bidea egin ahala, eguneko eta gaueko zikloak minutu gutxiren buruan bereizten dira...


