
Haurtzaroa da jaiotza eta nerabezaroaren bitartean zabaltzen den bizitzaren aldia, eta ezaugarri nagusiak hazkundea eta garapen fisiologikoa eta intelektuala ditu. Prozesu horiek bermatzeko elikadura eta nutrizio egokiak ezinbestekoak dira.
Haurtzaroko elikaduraren helburu nagusia hazkunde eta garapen hobezinak ziurta¬tzen duten energia- eta nutriente-beharrak asetzea da. Umearen dietak eskuratzen dituen nutrienteak makromolekulen sintesian eta ehunen eraketan erabiliko dira eta, horrela, hazkundea laguntzen duten aldaketa morfologikoak eta garapenekoak gerta¬tzen dira. Energia nahiz nutrienteen gabeziek hazkundearen atzerapena eta, batzuetan, gelditzea ekartzen dute. Bestalde, hazkundearen urrats kritiko berezietan gehiegizko ingestio kalorikoek helduaroko obesitate iraunkorra lagun dezakete.
Hazkundea nerabezaroa arte luzatzen den etengabeko prozesu ebolutiboa da, baina haren abiadura aldakorra da denboran zehar. Hazkunde somatikoaren eta garapen psiko¬sozialaren aldaketek aldi ezberdinak bereizten laguntzen dute. Aldi ezberdin horietan nutrizio-eskakizunak eta beharrak aldakorrak dira. Umearen hazkundea eta garapenaren abiadura eta kronologia genetikak mugatzen ditu; beraz, kanpo-faktoreen eragina, haien artean elikadurarena, ezberdina izango da gertatzen den unearen arabera. Haurraren nutrizio-egoera ezagutzeko hazkundea aztertzen da, aldikako neurketen bidez.
Haurtzaroan eta nerabezaroan ohitura dietetikoak eta jarduera fisikoaren inguruko ohiturak ezartzen direnez, elikadura egokiaren eragin onuragarriak osasunean epe motzera eta epe luzera lortzen dira. Helduaroan pairatzen diren gaixotasun kroniko askoren jatorria bizitzaren lehenengo urratsetan aurkitzen da. Hala, nutriente batzuen gutxiegizko ingestioak koadro kliniko ezagunak sortzen ditu eta dieta energetikoegiek haurtzaroko obesitatearen eta, etorkizunean, helduaroko obesitatearen garapena sustatzen dute. Dieta desorekatuek, batik bat azukre sinple edo gantz ase gehiegi ekartzen dituztenek, hipertentsioa, diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularra pairatzeko arriskua handitzen dute. Bukatzeko, elikadura/nutrizioa askotan estrategia terapeutiko egokiena da haurrek pairatzen dituzten gaixotasun askoren tratamenduan: diarrea, idorreria eta abar.
Laburbilduz, haurtzaroan elikadura egokia izateak, ikuspegi kuantitatibo batetik —nutriente-kopurua— nahiz kualitatibo batetik —nutriente-mota— osasuna mantentzen eta sustatzen laguntzen du.


