Biologiako hautaprobak

Biologiako azterketaren aurrean zer egin?

a) EHUko biologiako azterketaren ereduari buruz

Lau bloke daude.

A eta B galderak luzeak dira, bi horietatik bat aukeratu behar duzu.

Luze azaldu behar da. 4 puntu balio ditu.

Ondoren, C eta D blokeak dituzu, bi galdera-multzo horietatik bat hautatu behar duzu. 6 puntu balio ditu. Bloke horien barruan 3 galdera txiki daude, eta bakoitzak 2 puntu balio ditu, honela banatuta:

1.- Prentsan edo komunikabideetan agertzen den albiste zientifikoa edo gaurkotasun handiko gai bati buruzko galdera

Kontuan izan behar duzu beti galdetuko dizutena Biologiako liburuan eta programazioan agertuko dela, eta prentsa-galdera hori aitzakia bat dela jakiteko liburukoa menderatzen duzun, hots, biologiako edukiak badakizkizun.

2.- Ondoren, 2 puntu lor ditzakezu galdera labur batekin

Sarritan, bi azpigaldera izaten ditu (puntu bana balio dute). Galdera erraza baina zehatza da. Batxilergoko 2. mailan Biologia ikasi eta ongi aprobetxatu duen edozein ikaslek erraz erantzun dezake.

3. galdera; aipaturiko sorta amaitzeko irudia. 2 puntu

Biologiako irudi bat edo prozesu biologiko baten irudia edo erreakzio biokimiko baten eskema; biologian ikasi duzun grafiko bat ere izan daiteke.

b) Zer egin?

Erraz esaten da, baina azterketaren unean ez da hain erraza izaten: lasaitasuna eta odol hotza behar dira. Hartu minutu batzuk azterketa lasai irakurtzeko. Adi egon a priori uste duzunarekin; agian ez dizute galdetzen zuk uste edo nahi duzuna, beste zerbait baizik. Ondo irakurri ondoren eta zer galdetzen dizuten argi izandakoan, azken urratsa ("the last but not the least") da ONGI AUKERATZEA gehien komeni zaizkizun galderak.

Prozesu hori zorrotz eta egoki egiteak eragin itzela izan dezake notan.

c) Biologiako irakasleari kasu egin

Urte asko ditu, baina baita esperientzia ere.

Selektibitateko biologiako probei buruz, aholku interesgarri eta lagungarriak emango dizkizu. Esaterako, prentsa-galderari dagokionez, irakasleak badaki komunikabideetan aurten zer albiste zientifiko nagusi egon diren, eta 'usaimen' eder horri esker, galdera batzuk presta ditzakezu.

d) Simulazioak!

Ikasleek ederki dakite zer diren Play Station eta antzekoak, ezta? Bueno, ba hori bezain dibertigarria ez den arren, ebaluaketa guztietan, bloke tematiko bat amaitu ostean, edo ebaluaketa amaitutakoan, eta batez ere, maiatzean, berrikusketa-egunetan, etxeko lan gisa biologiako selektibitateko azterketak egitea komeni da; benetakoak balira bezala egin. Oso lagungarria da!!

e) Terminologia eta hizkera zientifikoaren erabilera

Egia esan, oso zaila da Batxilergoko bi urteko epean ikasle batek hizkera zientifiko egokia lortzea; baina horretan saiatu behar dute, bai ikasleak, eta bai irakasleek. Xede hori lortzeko, nota bidez —nota zerbait igoz— saritu daiteke, eta gero artikulu zientifiko batzuk fotokopiatu eta gelan landu. Horretarako www.zientzia.net eta beste batzuk lagungarriak dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsia: 2009-02-26

EIMA 2007

Egile: Edorta Gonzalez

Copyright © Elhuyar Edizioak (2009) |webmaster@elhuyar.com