Elhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioa 

Retour en haut de la page

Salle de presse

Leyre Echeazarra neurozientziako ikertzailea, Itziar Tueros kimikaria eta Unai Brea Argiako kazetaria, 2009ko CAF-Elhuyar sarien irabazleak

2010/3/18

Dibulgazio-artikulu orokorren alorrean, Leyre Echeazarra izan da irabazle, ispilu-neuronei buruzko lan batekin. Itziar Tuerosek doktore-tesi batean oinarritutako dibulgazio-artikuluen saria jaso du, Bizkaiko Labe Garaien arrastoei buruzko lanagatik

Zientzia-kazetaritza arloko lanen irabazlea Argia aldizkariko Unai Brea kazetariak jaso du, adimen artifizialari buruzko lanarengatik.

2009 CAF-Elhuyar Sariak, zientzia eta teknologiaren –dibulgazioa sustatzeko sortuak, banatu dira gaur arratsaldean. Aurtengo sari-banaketak (16.a dagoeneko)muntaia multimediarik ere izan du; besteak beste, zuzeneko bideo-emanaldiak eta DJ-ak.

Ikuskizunaren formatua ez da, haatik, aurtengo ekitaldiaren berrikuntza bakarra izan. Izan ere, dibulgazio-artikulu orokorren sariari beste hauek gehitu zaizkio: egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen saria, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen saria eta gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen saria. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 34 izan dira aurkeztutako lanak, eta hauek erabaki ditu epaimahaiak garaile:

  • Dibulgazio Artikulu Orokorren Saria: Leyre Echeazarra Escudero

Neurozientziaren arloko ikertzaile honek “Ispilu-neuronek besteen larruan jartzen gaituzte” lanarengatik jaso du saria, eta irabazlea etorri da saria jasotzera (2.000 euro, diploma eta Imanol Andonegiren eskultura). Hasiera-hasieratik erakarri ditu epaimahaikide guztiak lan honek, ispilu-neuronena, gai berritzaile eta originala izateaz gain, oso “gurea” baita: irabazleak bere lanean dioenez, “ispilu bizidunak” gara gizakiok. Bestalde, epaimahaiaren hitzetan, “burmuinaren enpatia-prozesua tratatzean, gizakion ikasketa-prozesuaren ikuspegi berri bat ematen du lan honek”.

Lehengo urteko irabazleak ere izan du lekurik aurtengo ekitaldian. Saririk gabe geratu bada ere, Xabier Artaetxebarria Artiedak aurkeztutako “Bizitza pizteko tximista” lanak bikain bete ditu dibulgazioren eta komunikazioaren ezaugarriak, eta izenburutik bertatik harrapatu ditu epaimahaikideak bizitza piztuko duen tximista non erokiko den jakiteko gogoak. Horregatik, Aipamen Berezia ematea erabaki dute, aho batez.

  • Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen saria: Itziar Tueros Gutiérrez

Azti-Tecnalian itsas ikerketan diharduen Itziar Tuerosek “Bizkaiko Labe Garaien lorratzak Sopelako hondartzetan” lanagatik jaso du saria (2.000 euro, diploma eta Andonegiren eskultura). Bizkaiko Labe Garaien ondarea aztertu du egileak bere doktore-tesian, eta Sopelako hondartzetan labe-garaiek isuritako hondakinen arrastorik geratzen den ikertu du, baita oso era ulergarrian laburbildu ere bere lana sariketara aurkeztutako artikuluan. Epaimahaiaren hitzetan, lan honek “ipuin bat balitz bezala” eramaten du irakurlea tesiaren emaitzetara.

  • Zientzia-kazetaritza arloko lanen saria: Unai Brea González

Kategoria berri honetan, Argia aldizkariko kazetaria izan da garaile, urrian argitaratutako “Adimen artifiziala. Iritsiko dira gure parera?” lanarengatik. Epaimahaikideek hiru ezaugarri hauek nabarmendu dituzte aurkeztutako lanean: artikuluaren erakargarritasuna, publiko orokorrari irakurterraza eta atsegina atsegina egitea, eta edukiak maila zientifiko egokia edukitzea.

  • Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen saria: ebatzi gabe

Kategoria berri honetan aurkeztutako lanen maila ez da nahikotzat eman, ez estilo, ez eduki aldetik. Garbi dago, beraz, badagoela zer eginik gazteei zientziari buruzko gaiak erakargarri egiteko ekinean. Horretan jarraituko du aurrerantzean ere, buru-belarri, Elhuyar Fundazioak.

Lan irabazle guztiak maiatzeko Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian argitaratuko dira, sariketari buruzko gehigarri berezi batean.

Luis Mari Bandres zenari, bestalde, Merezimenduzko Aipamena eman zaio aurtengo CAF-Elhuyar sarietan. Ohorezko kategoria berri honi hasiera emateko, ingeniaritzan doktore, irakaskuntzan gidari eta euskara zientifikoaren aitzindari ez ezik Elhuyarren sortzaile eta lehen lehendakari izandako Bandres baino pertsona egokiagorik aurkitzea zaila zen. Egungo Elhuyarreko lehendakari den Jose Mari Rodriguez Ibabek eman dizkio Bandresen familiari bertsoa eta eskultura oroigarria, eta biziki goraipatu du Bandresen bizitza eta lana.

2007ko CAF-Elhuyar sarietan zientzia dibulgazio lanetan irabazle izan zen Javier Navarro Los Arcosek, berriz, Fisika eta metafisika liburua aurkeztu du. Ekitaldian izan direnei liburuaren ale bana eman zaie.

Epaimahaia
Lan sarituak bi epaimahaik ebatzi dituzte. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza lanen balorazio eta hautaketaz euskararen eta zientziaren arloan eskarmentu handiko profesional hauek arduratu dira: Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria; Jose Maria Pitarke, fisikaria eta CIC-Nanoguneren zuzendaria; Juan Ignacio Pérez Iglesias, biologoa eta EHUko errektoreordea; Rosa Díez Urrestarazu, kazetaria eta Euskadi Irratiko zuzendaria; Jose Mari Rodríguez Ibabe, ingeniaria eta Elhuyar Fundazioko lehendakaria

Gazteentzako narrazio lanen epaimahaia, berriz, gazteentzako idazle-lanetan eskarmentu handia duten lagun hauek osatu dute: Teresa Irastortza, idazle-eskolako zuzendaria; Jesus Mari Olaizola “Txiliku”, idazlea, biologia-irakaslea eta euskara-zuzentzailea; eta Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektu zuzendaria eta gazteentzako ipuin-idazlea.

Informazio gehiago:
Rakel Lopez Marketin Saila Elhuyar Fundazioa tel.: (+0034) 943363040 r.lopez@elhuyar.com

Images

Aurtengo Caf-Elhuyar sariketan irabazle
497 KB
 
Retour en haut de la page
eBook
Hiztegiak mugikorretan

Bulletin

Souhaitez-vous recevoir des nouvelles d'Elhuyar?

Retour en haut de la page Devenez membre

Copyright © 2009 Elhuyar Fundazioa | Avertissement legal | Plan du site

webmaster@elhuyar.com

Diseinua: Blanco

Retour en haut de la page