2010/6/15
Amaitu da zientzia eta teknologiaren inguruko VIII. Zernola Olinpiada, eta aurtengo irabazleak Vitoria-Gasteizko Jesus Obrero ikastetxeko ikasleak izan dira. Lehen postu honi esker, Senda Viva parkean bi egun igaroko dituzte. Saria gaur goizean jaso dute Xabier Díez BTEK teknologiaren interpretazio-zentroko zuzendariaren eskutik, zentro horretan bertan ospatu den festa batean. Bigarren saridunak Lekeitioko R.M. Azkue ikastolako ikasleak izan dira, eta bi egun igaroko dituzte Espejoko aterpetxean. Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiaren eskutik jaso dute saria. Sailkapeneko hirugarren postua Urretxuko J.M. Iparragirre ikastetxeko ikasleek eskuratu dute, eta, honi esker, Sobronera txangoa egingo dute, non piraguismoa eta arku-tiroa praktikatuko dituzten, besteak beste. Lorea Arakistain Zernola Olinpiadako arduradunak eman die saria.
Sari nagusiez gain, hiru lehen postuetan sailkatutakoek BTEk teknologiaren interpretazio-zentroa ezagutzeko aukera izan dute. Orain dela egun gutxi inauguratu da zentroa. Bertan, bost guneetan zehar ibili dira, teknologiak eskaintzen dituen aukerekin jolasten eta ikasten. Ondoren, La Haine-ren zuzendaritzapean Rufoh Beatbox-ek, Hawa DJak eta Malaka break dantzariak prestatu duten ikuskizunaz gozatu dute.
VIII. Zernola Olinpiada
2009-2010 ikasturtean zehar egin da VIII. Zernola Olinpiada, eta guztira Euskal Herriko 45 ikasgela aritu dira zientziaren eta teknologiaren inguruko hainbat proba ebazten. Proba hauetan, giza gorputzaren soinuen jatorria ezagutu dute, WiFiaren abantailak eta desabantailak zeintzuk diren jakin dute, kanpotik datozen espezieen arriskuez jabetu dira, inguruko ibai bat aztertu dute, eta blog bat sortu behar izan dute.
Babesleak
VIII. Zernola Olinpiadako sari nagusietaz honako erakunde hauek arduratu dira: Senda Viva, Arabako Foru Aldundia, Sobron Abentura taldea, Leitzaran bisitarien etxea eta Aizpurua Autobusak. Bestalde, ikasturte osoan jaso dituzte sariak parte-hartzaileek, proba bakoitzaren ondoren. Sari horiek Eusko Jaurlaritzak, Berria-k, Donostiako Aquariumek, Gaztezulo aldizkariak, Zientziaren Kutxaguneak, Kukuxumusuk, Astitzeko kobazuloak, Iruñeko Planetariumek, Elkarrek eta Karpin Abenturak eman dizkiete. VIII. Zernola Olinpiadak FECYTen (Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa) babesa jaso du.
Copyright © 2009 Elhuyar Fundazioa | Avertissement legal | Plan du site
Diseinua: Blanco