2010/2/9
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren erredakzio-taldeak sakonki aztertu ditu munduko hainbat ospitalek zelula ametan oinarrituta eskaintzen dituzten tratamenduak, argitaratu berri den otsaileko alean. Izan ere, zelula ametan oinarritutako tratamendu asko sendaezinak edo sendatzen zailak diren gaixotasunen sendabide gisa eskaintzen dira, nahiz eta tratamendu horietako askoren eraginkortasuna eta segurtasuna frogatuta ez egon. Halakoak agerian jartzen, salatzen eta duten arriskuez ohartarazten dihardute nazioarteko erakunde batzuek eta gure inguruko sendagile batzuek. Horien artean, Gurutz Linazasoro neurologoa dugu, eta haren laguntzarekin abiatu gara jarduera iruzurti eta ilun horretan barrena.
Gainera, beste artikulu hauek ere irakurri ahal izango dira otsaileko Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian: Neiker-Tecnalia zentro teknologikoan hegazti-ustiategietarako teknika berriei buruz Inma Estévez-i egindako elkarrizketa; apnea ur-kirolaren gakoak; “Mate emateko programatuta” dauden xake-softwareei buruzko erreportajea; maldak lautzen hainbat urte daramatzaten tren, funikular eta antzeko garraio-bideen omenaldia; “Mundu digitala” atalean HTML5 estandarraren eguneraketa; “Mundu ikusgarria” atalean uharteen mundurako bidaia; eta “Istorioak” atalean, “Cavendish, bakardadean jenio.”
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian, garrantzia eman gura diote analisiari, eta bi analisi-artikulu argitaratu dituzte hil honetan: lehenengoa, gizarte-erronka berrietan sortzen ari diren museo berriei buruzkoa, eta bigarrena eztabaida honi buruzkoa: “Medikalizazioa: gaixotasuna ekidin ala eragin?”.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren otsaileko zenbakia dagoeneko salgai duzue liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org/edizioak webgunean.