2010/3/1
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkaria galdera zorrotz batekin dator martxoko alean: “Unibertso bat baino gehiago. Izan liteke?”. Multibertsoaren ideia konplexu eta xelebrean oinarrituta, unibertso baten baino gehiagoren existentziaren aldeko eta kontrako argumentuak aztertuko dira. Alde batetik, kosmologiaren barruan, adar marjinal bat da, eta oso ikertzaile gutxi ari dira multibertsoaren inguruan lanean. Beste alde batetik, gutxi horiek goi-mailako zientzialariak dira denak, eta horrek ere zer pentsatua ematen du. Zientziaren eta zientzia-fikzioaren eskutik, beraz, multibertsoan murgiltzera gonbidatzen du irakurlea.
Gainera, beste artikulu hauek ere irakurri ahal izango dira martxoko Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian: “Epel uzten ez duten gailuak”: munduko leku hotz eta beroenetarako bidaia, teknologiari jarraituz; birusen motor molekularrak haiek eragindako infekzioei aurre hartzeko metodo bezala; Europako zientzia-kazetari batzuen laborategi-esperientzia Hungariako BioTalentum laborategian; “Mundu digitala” sailean, liburu elektronikoak eta DRMak, musika- eta bideo-industrien akatsak errepikatzen; eta “Mundu ikusgarria” sailean Ngorongororako bidaia (Tanzania).
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian, hilero bezala, analisiek leku garrantzitsua dute. Lehenengo analisian, EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko Arturo Elosegiren eskutik, McDonald’s eta Arzak jarri dira aurrez aurre. Bigarren analisian, zelula amek neuroendekapenezko gaitzetan duten eragina aztertu du Rosario Sanchez Pernautek, Inbiomed Fundazioko zelula ama neuronalen laborategiko zuzendariak.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren otsaileko zenbakia dagoeneko salgai duzue liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org/edizioak webgunean.