2010/6/22
Elhuyar Fundazioak egindako ikerketa baten arabera, “zientzia eta teknologiako gaiek ez dute aparteko garrantzirik eta lehentasunik telebistako albistegietan”. Hori da Zientzia eta teknologia hizpide: telebistako albistegiak ikerketaren ondorio nagusia, gaur goizean aurkeztua Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak, Andoni Eizagirre azterketaren egileak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko lehendakariak hartu dute parte aurkezpenean. Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin, zientzia eta teknologia gaiak telebistako albistegietan nola ematen diren aztertu du, sei hilabetez. ETB1, ETB2, TVE eta La2 kateek ematen dituzten gaueko albistegiak izan ditu aztergai Elhuyarrek. Zientzia eta teknologiaren aipagai izan dituzten 69 albistegi aztertu ditu, zoriz aukeratutako egunetan emanak guztiak ere. Telebistako albistegietan zientziak eta teknologiak duten tratamendua aztertzea izan du helburu ikerketak.
Zenbait aldagai hartu ditu aintzat azterketak, eta hauek dira ondorio nagusiak: albistearen adierazgarritasun-mailari dagokionez, agerpena eta kokapena, albistearen iraupena, eta soinuari eta irudiari emaniko garrantzia aztertu dira. Ondorio nagusia da albistegietan ez dutela aparteko ez garrantzirik ez lehentasunik, eta bestelako gaiak hobesten direla. Albisteen % 4 bakarrik agertu dira goiburuan, eta sarrerako titularretan, orotara, % 25. Aztertutako albisteetatik, % 58 iraupen luzekoak dira; % 16, iraupen ertainekoak, eta % 26, laburrak. Gaiari dagokionez, lau multzotan banatu dira albisteak: “Zientzia eta teknologia”, “Zientziaren eraginak”, ”Zientzia-politikak” eta “Zientzia-sistema”. “Zientziaren eraginak” multzoko albisteak izan dira ugarienak (% 58), zientziak eta teknologiak gizartean duten eraginari buruzkoak alegia.
Albisteen jatorriari dagokionez, beste iturri batzuetatik jasoak izaten dira batik bat: telebista-kateek ez dute zientzia eta teknologiari buruzko albisteak jorratzeko ohiturarik, Generoari dagokionez, berriz, urriak dira erreportajeak edota kronikak, aurrez grabatuak izaten dira berriak, eta estilorik ohikoena informatiboa da. Pertsonaien inguruko analisian, gertakariari buruzko hainbat ikuspegi biltzen dituzten albisteak urriak izaten dira, baina autoritatearen jatorria —oro har— aniztuna da, eta haren posizioa bat etorri ohi da albistearen trataerarekin. Azkenik, telebista-katearen arabera, bertako gertakariei arreta desberdindua ipini ohi zaiela ondorioztatu da: ETB1 eta ETB2 dira euskal lurraldeari arreta ipintzen diotenak. Telebista-kate horietan, jatorria Euskal Herrian duten albisteak nagusitzen dira.
Elhuyar Fundazioak 2004. urtean ekin zion prentsan agertzen diren zientzia eta teknologiako gaiak aztertzeari, betiere Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin. Orain arte, Euskal Herriko egunkariek zientzia eta teknologiako gaiak nola ematen dituzten aztertu izan du Elhuyarrek; gaur aurkeztu den azterketan, berriz, telebistako albistegiak izan ditu hizpide. Azterketa hau Elhuyar Fundazioak sortutako Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategian izeneko proiektuan sartzen da.Gizartean zientzia eta teknologiari buruzko hausnarketa eragitea du helburu proiektuak. Horretarako, informazioa jaso eta zabaldu ez ezik, harremanak sustatzen ditu ikerketa-sarearen, administrazioaren, hezkuntzaren eta gizartearen artean, eta eragile horien guztien iritzia eskuratzen ahalegintzen da.